Belagileak. Ttittika Rekalten bigarren pastorala (I)

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

Joseba Aurkenerena






Pastoral guztietan berrikuntzak izaten diren arren, aurtengo pastoralean berrikuntza handiak itxaro genituen, eta egia esateko, hizkuntzaren gordintasuna kenduta, ez dira horrenbestekoak izan; eta hobeto horrela agian, honek esan nahi baitu pastorala etengabeko berritzean den antzerki mota dela. Badaki betikotik edaten, baina beti aitzinera begira. Azken hamarkadetako pastoral-idazleek eta errejentek (1) era guztietako berrikuntzak landu eta burutu dituzte, ez dira inoiz antzinako moldeetan estekaturik geratu.




Etxahun-Iruri izan zen, zalantzarik gabe, pastoralera berrikuntza handiena ekarri zuena, ordura arteko süjetak (2) –sainduak eta Frantziako pertsonaia handiak- baztertu zituenean, euren tokietan euskal pertsonaiak jarriz. Orduz geroztik, euri ugari bota badu ere, dena progresio logiko batez etorri da. Zuberoak aunitz zor dio pastoralari, gizarte kohesioa eta auzolana, besteak beste, eta Etxahun-Irurirekin hasitako pastoral berriari euskararen prestigioa eta berrindartzea.




Pastoral berri honetan badira estilo ezberdinak, prefosta!. Batzuk besteak baino klasikoagoak dira, neurri eta molde zaharrei lotuagoak; badira pastoralaren indarra musikan eta dantzan bereiziki oinarritzen dutenak, eta badira ere, istorioari eta hizkuntza landuari izugarrizko garrantzi handia ematen diotenak. Estilo kontua, besterik ez da.




Aurtengo pastorala biziki berezia izan da peredikü (3) eta azalpenetan erabilitako hizkuntzaren gordintasunaren aldetik. Honek bizitasun handia eman dio, eta 1609. urtean Frantziako Henrike IV.ak Lapurdin bultzatu zuen zapalketa dakarkigu gogora, bere lazgarritasun osoz.




XVII. mendeko Lapurdi hartan, etxeko jaunek botere handia zeukaten eta Uztaritzen biltzen zen biltzarraren bitartez, herrialde osoa gobernatzen zuten, benetako gobernu moduko bat osatuz. Lapurdiko foru eta usadio zaharrak ziren sistema honen oinarria.




Urtubiako eta Senpereko jaunek, gerra garaiko agintea izateaz aparte, ez zuten bestelako aginterik, eta hau ere aski mugatua eta kontrolatua, Uztaritzeko Biltzarrak aunitzetan azken hitza ukaiten baitzuen. Bi jauntxo hauek bekaitzaz begiratzen zuten Frantzia alderat, hango nobleen botere handia nahi baitzuten beraientzat.




Hori dela eta, Lapurdiko etxeko jaunak kolpatu nahirik, Henrike IV.gana jo zuten. Urtero, Lapurdiko bost mila gizon inguru joaten ziren Ternuako itsaso izoztuetara bale-arrantzan. Eta horretaz baliatuz, belar-sendagintza, sinesmen zaharrekin loturiko tradizio eta erritoak… jorratzen zituzten emakumeak sorgintzat harturik, salaketa ezarri zuten frantses erregearen aurrean.




Salaketa hark ez zuen inolako funtsik, hala eta guztiz ere, erregeak hori guztia jakinki, Pierre de Lancre bidali zuen Lapurdira epaile nagusi eta errege ordezkari gisa. Erregeak bere boterea handitu nahi zuen, eta horretarako lapurtarren autogobernua kolpatu beharra zeukan.




De Lancre Bordelera lan egitera joandako euskal familia baten ondorengoa zen. Familiaren deitura Rostegui (Arostegi) zen, eta Pierren aitatxiak aldatu zuen, orduz geroztik eraman zuten De Lancre deitura frantsesaz. Pierre de Lancrek euskara eta euskaldunak gorroto zituen, eta bereiziki euskal emakumeak, beraiek baitziren euskara eta euskal tradizioak belaunaldi berriei transmititu egiten zizkietenak. Krudela, paranoikoa eta misogenoa zen, eta ankerkeria handiz jokatu zuen Lapurdin.




Emakumeak jazarri, atxilotu eta gupidarik gabe torturatu egin zituen, eta horietako aunitz bizirik erre. Horixe izan zen Lapurdin egin zuen balentria. Ez dakigu zehazki zenbat pertsona erre zituen, batzuek 20 bat emakume eta bizpahiru euskal apaiz erre zituela diote, beste batzuek askoz gehiago erre zituela defendatzen dute. Jazarriak eta torturatuak zazpiehun bat izan zirela esaten da.




Azkenean, Baionako apezpikua zen Bertrand Etxauze baigorriarrak, bere eremuko apaiz zenbait erre zituela ikusirik, erregearengana jo zuen De Lancre Lapurditik eraman zezala eskatuz. Badirudi hori izan zela, ordurako Ternuatik itzulirik ziren bospasei mila gizon horien haserrealdiarekin batera, De Lancre Lapurdi uztera behartu zuen arrazoietako bat.





Gertaera lazgarri hauen 400. urtehurrena dela eta, Ttittika Rekaltek Lapurdiko Belagileak hartu ditu pastoral süjeta gisa. Pastoralean erabili duen hizkera gordina benetako tragedia haren oihartzuna bizi-bizi zabaltzeko tresna ezin hobea suertatu delarik. Gai honek, bestalde, badu gaurkotasun handia. Ikusi, besterik ez dugu egin behar, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean arrotz epaileek gaur euskaldunekin duten jokaera.




1.- Errejenta: Pastorala zuzentzen duena, pastoral-zuzendaria.
2.-
Süjeta: Pastoraleko pertsonaia nagusia.
3.-
Peredikü: Edo prediküa. Pastoraletan, bukaera aldera, azken jelkaldiaren ondoren, pastoralaren mezua laburbiltzen duen eta irakaspen bat aditzera ematen duen kobla multzoa.

 * "Lau mendetan ehunka mila emazte hil zituzten sorginkeria aitzaki harturik"

 

 


Publié dans Kultura

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article