"Lau mendetan ehunka mila emazte hil zituzten sorginkeria aitzaki harturik"

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola



ELKARRIZKETA/ Armelle Le Bras-Chopard / ikerlaria, erakaslea eta les putains du diable liburuaren idazlea

 

 

Versailleseko Unibertsitateko zientzia politikoetako erakaslea da Armelle Le Bras. Les putains du diable idatzi duen azken liburuan sorginkeria prozesuetan emaztearen tokiaren garrantzia aztertzen du. Hezkuntza ministeritzarentzat lan egiten du gizon eta emazteen arteko berdintasuaren alde. Lapurdin 1609. urtean iragan ziren sorginkeria epaiketa eta erahilketei buruzko informazioa heda-tzeko sortu den elkarteak gonbidatu zuen Armelle Le Bras-Chopard Azkainen hitzaldia eskaintzera.

 

 


Zeintzuk dira sorginkeria prozesuen arrazoiak ?



Europako testuinguruan, sorginen kontrako ehiza lau mendez luzatu zen. Sorginkeria prozesuetan akusatuen %80a emazteak ziren, ez da oharkabean egindako zerbait, nik beraz galderak pausatzen ditut : Zergatik joan dira emazteen bilatzerat ? Zein da beraz emaztearen irudia ? Irudi oso ezkorra da, zeren eta emazte guztiak sorgin potentzialak dira, emazte guztietaz mesfidati egon behar da, denak azalutsak, gezurtiak eta ahulak dira.

 


Emazteek ez dute gizonek duten arrazoinamendua eta ondorioz bideratu egin behar dira. Bideratuak ez direnean sorginak bilakatu daitezke eta etxetik joan, erratz baten gainean gehienetan, eta horrela imagina daitezken gaiztakeria guziak egin ditzakete. Emazteen estereotipo horrek gaur egun bizirik dirau, imagin hori lau mendeetan zehar mantendu izana ez da nahi gabe egin.

 

 

 


Beste galdera bat da gizonek zergatik erasotu zituzten horrela emazteak ?


Gizonak ziren magistratuak eta agintariak. Azkenean gizonen beldur batetik heldu da dena, maila guzietan eta inguru guzietan, landa ingurutik politika mailako puntu altuenera arte, bestela horrelakorik gertatzea ezinezkoa litzateke. Maila guzietan konplizitatea izatea behar zen.

 


Beldurraren jatorria bilatzean ikusten da lotura dagoela boterea eta sexualitatearen artean. Boterea gizonari loturiko zerbait izan da eta garai horretako gizonak obsesionatuak zeuden zistortasunarekin, Montaigne, Rabelais eta besteek erakusten diguten bezala. Bere burua bermatzeko, zerbait gaizki zegoenean beti emazteen falta zen.

 

 

 


Zergatik idatzi duzu liburu hau ?


Emazteen portzentaiaz gain, bigarren gauza batek ere intere-satzen ninduen, historian gai honi buruz ezarri den isiltasun geruzak. Lau mendetan zehar ehunka mila emazte erahil dituzte. Erabili ditudan liburu gehienak frantses zaharrean edo latinez dira, hau da, ez da jakinarazi nahi zer gertatu zen. Historialariak gehienetan sorginkeriaz hitz egiten dute, baina ez dute benetako gaia jorratzen. Emazteak erraiten zutenaz hitz egiten da haiek egiazki sinistuko balute bezala, eta ez da aipatzen bortxatuak izan zirela hori erraitera.

 


Gartzeletan gertatzen zena kontatzen duen testu bat erabili dut sorginen aitor-entzule batena. Alemaniakoa zen eta sorginak existitzen zirela uste zuen, jende guziak bezala, baina bapatean konturatu zen dena amarruak zirela, frogak sortzen zituztela, sorginak bortxatzen zituztela, testiguei edozein gauza erraitera behartzen zietela... azkenean hori guzia salatzen du.

 


Bigarren ikuspegi kritikoa Jean Vierus medikuarena da. Berak dio deabrua existitzen baldin bada ere gorputz bat ezin duela hartu. Sorginak emazte gaixoak direla esaten du eta melankolikoak direla dio. Emazte horiek bizi izan ez zuten zerbait erraiten zutela azal-tzen du. Nire ustez ez da hori ere, emazte horiek ez zuten sinisten erraiten zutena, atxilotzera etortzen ziren egunean sorginak zirela deskubritzen zuten.

 

 

 


Liburuaren izenburuak aten-tzioa deitzen du "Les putains du diable".



Erramolde hori ez da nirea, Luterorena da. Sorginen kontrako errepresioa egiazki XV. mendean hasi zen, lehenago ere egon zen pixka bat, baina sorginkeria orokorrean epaitzen zen eta ez zen deabrukeriarekin lotua. Erreforma gero etorri zen, eta protestanteak ankerragoak izan ziren bere errepresioan katolikoak baino, hastapenean behintzat. Beraz deabruaren emagalduak, Luteroren sorginen definizioa da, eta hor ikusten da argiki nola ikusten den sorgina, hau da emagaldu bat bezala. Deabruarekin prostituitzen da eta deabruak gorrotatzen du, zeren eta edonori uzten dio emaztea, hau da akerrei, apoei eta beste deabru tipiei erraiterako. Honek erakusten du emaztearen definizio sexuala prostituta bat bezala.

Emaztea gizartean gertatzen diren gauza txar guzien errudun bilakatzen da.

 


Hori da. Lehen puntua sexualitatearekin dago lotua, emazte bat sorgina bilakatzeko deabruarekin oheratu behar da. Horretarako deabrua materiala egin behar da, animala bat, monstruo bat edo apatxak dituen gizon bat edota gizon eder bat. Demonologoen doktrinetan hitzarmena sexuaren bitartez hesten da. Horrengatik emazteak zenbait irabazi ditu, alde batetik plazera, argiki bere senarrarekin lortzen ez duena, eta hor gizonen arazoa ikusten dugu, bereziki De Lancrerengan.

 


Beste aldetik botereak eskuratzen ditu, deabruak emanak direnez gaiztoak dira. Garai honetan heriotza edo min egitea bilatzen dute, beraz babazuza dagoenean edo norbait hiltzen denean erruduna zein emazte izan den xekatzen saiatzen dira. Horrek adierazten du ez direla aintzinako sorginak bezala belarrak bilduz jendea senda zezaketenak edo maite-edariak prestatzen zituztenak.

 


Gizonak eta haurrak ere baziren.

 


Ez da ahantzi behar emazteak ez diren %20a badela. Nire ustez mezuak indarra galduko luke zuzenean emazteak soilik zirela erran izan balitz, beraz zenbait gizon behar ziren. Horrek ekarri duen ondorioa izan da historialariek sorginkeria zerbait orokorra bezala definitu dutela.



Ez dute ulertu sorginkeriaren aferan funtsezkoa emazteak harrapatzeko izan zela, nire ustez.

Badira zenbait gizon, eta teologistek eta magistratuek gizon bat zegoenean bere emaztearen erruz izan zela erraiten zuten, Evaren adibidea erabiltzen zuten. Gizonak hala ere ez ziren berdinak, ez baitziren deabruarekin oheratzen, hori guziz pentsa ezina da garai horretan, perfekzioa ziren gizonak, homosexualak izatea. Testuetan sodomiaz hitz egiten zutenean, oso ohikoa zena, deabruak emaztea gibeletik hartu zuela erran nahi zuen, ez zen inoiz gizon bat gizon batekin.

 


Deabrua inolako zalantzarik gabe gizonezkoa da. Gaiztoa izanik emaztea izan ziteken, baina ezin da femeninoa izan jainkoaren etsai nagusia, boteretsua baita bera, eta boterea gizonezkoa izan behar da. Ondorioz emazteak egiten duen txar guzia deabruaren boterearen ondorioa da, berez ez baita ezer. Doktrina aberrantea da, baina dena biziki ongi kodifikatua zen, logikoa zen.

 

 

 


Logika hori Europa guzian bertsua al da ?


Bai, guziz, hori da harrigarriena. Badira aldaketa tipi batzuk, Lapurdiko kasuan bezala, bertako egoerari lotuak. Torturara pasatzen zirenean sorginen aitormenak berdinak ziren. Gaur egun gauza bera gertatzen da komisaldegietan, magistratuak salatzen duenari erantzuten diote akusatuek. Zerbait egin dutela erraiten zaie eta azkenean torturapean baiezkoa erantzuten dute, eta zenbait gauza ere gehi ditzakete bakean utziko dituztenaren esperantzarekin.

 


Aitorpenak oso antzekoak ziren, baina inkisidore bakoitzak bere ukitua ematen zion. De Lancrek bere fantasmetan oinarritutako detaileak gehitzen zituen, gehienetan sexualak.

Garaiko eta egungo egoeren arteko paralelotasunak aipatu dituzu.

 


Sorgin-ehiza bezalako hitzek jadanik ematen dute paralelotasun horren adibidea, hau da, botereak leporatu nahi dituzten gauzetaz akusatzen direnean gizarteko pertsona batzuk. Ez dira hobendunak, baina hobendunak fabrikatzen dira, eta gehienetan kategoria berezi batengana joaz.

 


Stalinen prozesua aipatzen ahal da, non metodoa bertsua zen, eta aitorpena lortu behar zen, eta metodo hori torturaren bidez egiten zen. Sorgin-ehiza izena jaso duen macartismoa Amerikako Estatu Batuetan. Hirugarren adibidea Guantanamo da, berriz ere legetik kanpo eramaten den auzibidea da, non aplikatzen den legedia da legetik kanpo egotea.

 

 



«Torquemadaz hitz egiten da, baina De Lancrerekin alderatzen badugu biziki goxoa zen hura"

 


Europa eta Lapurdiko sorginkeria prozesuen ezberdintasunak zeintzuk dira ?

Badira De Lancrek berak ezartzen dituen ezberdintasunak, bere fantasiak. Sorginkeriaren doktrinaren garapena izan zen eta De Lancre bukaeran kokatzen da. Sorgin emazteetaz gain, badira geroz eta gizon eta haur gehiago. Denak hasten dira salaketa asko egiten, eta haurrak ere hasten dira.


Beste berezitasuna da lehen garaietan eliz gizonak zirela ikerketa garatzen zutenak eta gero magistratuak, hori da De Lancreren kasua. Memento batean Elizarekin ongi moldatzen ziren, baina Lapurdiko epaiketen garaian botere politikoa erlijiotik autonomoa bilakatu zen ; haien beharrik ez zutenean eliza ere etsai bilakatu zen eta akusatuen artean apaizak a-tzematen ziren. De Lancrek bere aintzindariak baino askoz indar-tsuago jo zuen Elizaren kontra.

Badira Lapurdiko berezitasunak egoera sozio-politikoari lotuak. Zentralizazioa lantzen ari zen, etorkizuneko estatu jakobinoa. Lapurdik berezitasuna zuen bazterretako probintzia zelako. Duela guti Frantziari lotua zen eta gainera Frantziak arazoak zituen bestaldean zen Espainarekin, beraz erregearen boterea finkatu behar zen, eta hau izan zen bideetako bat.





Europan non aurkitzen ditugu prozesu horiek?

 


Denean. Rhin ibaiaren zehar zabaldu zen, pasabidea zen tokietan, Lapurdin bezala, aski indartsuak ez diren herrialdeetako mugetan. Baziren toki batzuk hain bortitzak ez zirenak, Ingalaterra bezala, han tortura gutiago erabili zuten.

 


Espainiar erresumako inkisizioa ere biziki ezaguna da.


Historio ezberdina da hori. Botere politiko espainola biziki amarrutia izan zen. Estatu inkisizioa sortu zuten, erresumen menpe ziren kontseiluak, non eliz-gizonak onartzen ziren, baina botere zentralak zuen eskuarmena. Beste espezifizitateetako bat da beien arazo nagusia arabiarrak eta juduak zirela. Prozesuak izan ziren, baina gehien bat herexia kasuak ziren. Ezberdintasuna deabruaren sorginkerian datza, azken hau kristautasunaren barnean kokatzen da.

 


Beti Torquemadataz hitz egiten da baina, nire ustez, De Lancrerekin alderaturik biziki goxoa zen. De Lancre begiluzea izateaz gain bere liburua idaztean irakurlearen plazerrarentzat egiten zuela esaten zuen, eta hor alderdi sadikoa ikusten da. Gainerat, oraindik Freuden erranetan a-txemaiten dena aipa-tzen du, emaztea masokista dela, jo dezatela, maite duela.

Idoia ERASO

 

 

 

 

 

 

Mintza astekaria (Le JPB)

 


Publié dans Kultura

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article