Brisson: «Seaska gure hizkuntz politikaren eragile nagusi bat da»

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola






Hezkuntza Nazionaleko ordezkariak, EEPren presidenteak eta Seaskako lehendakariak izenpetu dute hitzarmena.

Ibilbide luzea eta oztopoz beterik zeharkatu du Seaskak gaur, arratsean, Baionan izenpetua izan den hitzarmena lortu ahal izateko. 40. urtemuga ospatzen du aurten Iparraldeko ikastolen konfederazioak eta mementu azkar horretan heldu den hiru urtendako akordioa izenpetu du Frantziako Hezkunde Nazionalarekin. Mahaigainean ezarritako aldarrikapen guziak ez direla bete aitortu arren alde guziek txalotu dute EEPren laguntzaz erdietsitako konpromisoa.

Maite UBIRIA | BAIONA



Azken lau hamarkadetan Seaskak eramandako «borroka militantea» goraipatuz ekin dio bere hitz hartzeari Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariak. Bir maneran, murgiltze eredua onartzeko bidean bidean Frantziako Hezkunde Nazionalak emandako urrats ausarta nabarmendu duelarik.



«Gaur izenpetzen dugun akordioa luzea eta tarteka zaila izan den ibilbide baten ondorioa dela» azaldu ondoren, azken hamarkadetan emandako aurrerapausuak eta, bereziki, 2007az geroztik gaur onartutako hitzarmena prestatzeko prozesua zehaztu du Brissonek. Negoziaketa onera eramateko hainbat jendek ekarpen garrantzitsua egin duela gogora ekarri du. Hala nola mahaian zelarik Philippe Carriere Akademiako ikuskariak, Jean-Claude Iriart, EEPren zuzendari ohiak eta, espreski, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak hitzarmena erdiesteko erakutsitako kemena nabarmendu nahi izan du.




EEPren buruaren esanez, hitzarmena garrantzitsua da hainbat arrazoiengatik: «Seaskak 40 urtez aitzineratutako eredu pedagokioa onartzen duelako; heldu den hiru urtetan ikastolen zabalpena bermatzen duelako; hezkunde publikoaren ondoan ikastolek, beste lerro batzuk bezala, hezkuntz osagarria eskeitzen duela onartzen duelako; eta EEPk hizkuntz politika garatzeko jokatzen duen papera aitortzen duelako».



«Seaska gure hizkuntz politikaren aktore nagusia» dela azaldu du Brissonek. EEPren buruaren ostean hitza hartu duen Paxkal Indok, bere aldetik, «Hezkuntza Nazionala hizkuntz politikaren aktore nagusia izan bilakatu beharko litzatekela» aldarrikatzearekin batera EPPk eginiko lana azpimarratu du.




EEPk euskararen sustapenaren mesedetan «sustengu lana handia ematen duela» erran du Indok, eta ahalmen eta baliabide gehiago izanik «bere lana oraino eraginkorrago litzateke» azpimarratu du Seaskaren presidenteak.




Gaur ofizializatu den hitzarmenaren ibilbide historikoa egin eta gero, bi urteko haurren eskolatzea aintzat hartzea eta azterketak euskaraz pasatzeko eskaera ez dituztela lortu azaldu du Indok. Aitzina begira bide luzea gelditzen dela eta «heldu den astean hasten gira berriz eztabaidan» gaineratu du.




William Marois, Bordeleko Akademiako inspektoreak, lau data garrantzitsu aipatu ditu Seaska eta Frantziako Hezkuntzare arteko harremanetan. Hala nola:


  • 1969: Seaskaren sorrera.

  • 1994: Estatua eta Seaska arteko lehen Kontratua.

  • 2004: EEP sortzeko hitzarmenaren izenpedura.

  • 2009: Hitzarmena Hezkunde Nazionala eta Seaska artean.


Kontseilu Nagusian gaur sinatutako hitzarmenak «elebitasun orekatuaren zerbitzuan» Seaskak sorturiko murgiltze sistema aitzina eramateko «etapa garrantzitsua» markatzen duela esan ondoren, ikastoletako erakasle eta ikasleak agurtu ditu William Marois jaunak.


Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article