Ikastolak: Akordioa izenpetu dute Seaskak eta Frantziako Hezkuntzak

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

Sinatutako akordioari esker, ondoko hiru urteotan Seaskak 11 lanpostu gehiago ukanen ditu

 


Aitor Renteria.

Baiona


Frantziako Hezkuntzak eta Seaskak ondoko hiru urteotarako akordioa izenpetu zuten, atzo, Baionan. Akordio horren ondorioz, ondoko hiru urteotan Seaskak 11 irakasle gehiago ukanen ditu lehen mailetarako. Bi aldeek onartu dute ez dela erraza izan akordioa lortzea. Ikasturte hasieran Frantziako Hezkuntzak hitza jan zuela salatu zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Mobilizazioak egin zituzten, eta, horren ondorioz, Euskararen Erakunde Publikoak bitartekaritza lanak egin zituen.





Egindako urratsa biziki garrantzitsua dela adierazi zuen Max Brisson EEPko presidenteak, «Seaskak 40 urtez aitzineratutako eredu pedagogikoa onartzen duelako; heldu den hiru urteotan ikastolen hedapena bermatzen duelako; hezkuntza publikoaren ondoan ikastolek hezkuntza osagarria eskaintzen dutela onartzen duelako; eta EEPk hizkuntz politika garatzeko duen garrantzia aitortzen duelako».




Aste honetan Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioan bezala, Seaskak hizkuntza politikan duen eragina azpimarratu zuen. «Seaska gure hizkuntza politikaren aktore nagusia da». Eta azken agerraldietan bezala, Seaskak 40 urtez garatu duen eredu militantea goraipatu zuen.




Brissonen ondoren, Paxkal Indok hartu zuen hitza. Frantziako Hezkuntza euskararen aldeko hizkuntza politikan aktore nagusia bilakatu beharko litzatekeela azaldu zuen. Adierazi zuen akordioa ez zela erraza izan, eta ez ulertzeak gainditzeko EEPk egin duen lana funtsezkoa izan dela gaineratu zuen.





EEPk euskararen sustapenaren mesedetan «sostengu lan handia» ematen duela erran zuen Indok. Ahalmen eta baliabide gehiago izanik «bere lana oraino eraginkorragoa» izango litzatekeela erran zuen.





Ikastolen ereduen ezagutzak duen garrantzia eta baliabideen beharra gogora ekarri zioten Indok.





Bide luzea aitzinean




Urrats handia egin arren oraindik bide luzea gelditzen dela gogorarazi zuen Indok. Funtsean, Seaskak akordio marko bat bilatzen zuen, eta Frantziako Hezkuntzak ez du hori onartu. Indok azaldu zuenez, hainbat gai akordiotik at gelditu dira, hala nola bi urteko haurren eskolaratzea, azterketak euskaraz egiteko eskubidea eta egoitzen atala. Goiz ala geroago, bide hori ibili beharko dela iritzi zion, murgiltze ereduak euskararen berreskurapen prozesuan duen garrantzia gogorarariz. Bigarren mailako irakasle postuen eztabaida ere akordiotik kanpo gelditu da.




Egindako urratsaren balioa goraipatu zuen Indok. Baina akordioa aitzin adierazi zuen bezala, euskararen eta euskarazko irakaskuntza ezin da garatu akordioa ez bada hedatzen ikastolen egitasmo osora. Seaskak bigarren mailako irakasleak kontratatzeko irizpideak finkatu nahi zituen. Frantziako Hezkuntzak ez zuen hori garatu nahi. Izan ere, bigarren mailan, irakaskuntza elebiduna biziki ahula da eskola publikoan. Frantziako Hezkuntzak eta EEPk berak lehentasuna eman diote lehen mailari.




Nahiz eta gaur egun lehen mailako hamalau irakasle bere sakelatik ordaindu, Seaskak akordioa hobetsi du. Hiru urtean 11 irakasle gehiago ukaiteaz gain, Frantziako Hezkuntzaren ezagutza sendoagoa lortu du. Oinarri horietatik abiatuta, orain akordiotik at gelditu diren gai guziak lantzea espero dute Seaskako kideek.




Hori izanen da etorkizuneko erronka. Akordioaren bidez ezagutza zabalagoa lortu badu ere, Seaskaren helburua eredu osoa kontuan hartzen duen akordioa lortzea da.

 

 

 

 

Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article