EEPk eta Eusko Jaurlaritzak 2010. urteko elkarlanerako hitzarmena izenpetu dute

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola


EEPK.jpg







Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Max Brissonek, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Ramon Etxezarretak, 2010. urtean bi erakundeek elkarrekin gauzatuko duten lan programa zehaztu dute, gaur goizean, Baionan. Berez 2007. urtean indarrean sartu zen hitzarmena aurten agortuko da. Izan ere, 2010. urteko eranskinaren izenpetze ekitaldia baliatu dute bi ordezkariek aitzina begira elkarlanean jarraitzeko borondatea agertzeko. Aurten 1 600 000 euroko buxeta kudeatuko du EEPk. Diru zama horretarik 1 1300 000 ezarriko ditu Brisson buru duen egiturak, beste 470 000 Gasteizko gobernuak emanen dituelarik.

Maite UBIRIA | BAIONA






Max Brissonek gogora ekarri duenez aurten agortuko da 2007. urtean Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko elkarlana finkatzeko sinatu zuten hitzarmena.

 





Ondorioz, Gasteizko eta Baionako ordezkariek hizkuntza arloan «mugaz gaindiko lankidetza iraunkor garatzeko» hitzarmen berria eztabaidatu beharko dute aurten. Edonola ere, EEPko lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2010. urteko eranskinaren izenpetze ekitaldia baliatu dute aitzina begira elkarlanean jarraitzeko «engaiamendu argia» agertzeko.




Gaur Baionan aurkeztu duten dokumentoak euskararen transmisioa eta erabilpena bultzatzeko bidean urtean zehar sustatuko diren lan ildoak marrazten ditu eta lankideta fondo bat finkatzen du Iparraldeko elkarte eta eragileek aitzineratzen dituzten ekintzak sostengatzeko.




2007az geroztik, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko 90 bat eragileren lana diruztatua izan da fondo amankomuna hori baliatuta. Bihar bertan zabalduko da epea proiektu deialdian parte hartu nahi duten eragileendako. Martxoaren 26 bitartean egitasmoak aurkezteko epea dute eta maiatza aldera erabakia ezagutzera ematea aurreikusten du EEPk.






Aurten iaz baino 210 000 euro gehiago ezarri dute EEPren buxeta osatzen duten egiturek (orotara 1 130 000 euro ) eta «krisi egoera izanda ere» 470 000 euroko iazko buxeta bermatuko du aurten ere Gasteizko Gobernuak. Diru zama gehiena Iparraldeko eragile nagusien diruztatzeko baliatuko du EEPk. Hau da AEK, Bertsularien Lagunak, Biga Bai, Euskal Haziak, Euskal Irratiak, Ikas Bi, Seaska eta Uda Leku elkarteen artean banatuko dute diru kopuru handiena. Beste 400 000 euro proiektu deialdiaren bitartez banatuko dituzte.






EiTB: lehentasuna eta korapiloa



Brissonek zehaztu duenez, bi erakundeek honako lehentasunak dituzte aurten: euskalduntze-alfabetatzearen esparruan bi aldeetako egiaztagiriak eta abaluazio sistemak baliokidetu nahi dituzte eta heldu den urtean abiatuko den V. inkesta soziolinguistikoaren inkestaren lanen abiatuko dituzte. 

 





Bestalde, EiTB1 eta EiTB3 kateak molde numerikoan Iparraldean hedatzeko elkarlana bultzatuko dute.





Preseski, telebista publikoa Ipar Euskal Herrian duen bulegoaren geroa argitzeko bidean Alberto Surio EiTBko zuzendaria Baionan izan zela atzo jakitera eman dute agerraldian. Bileran «eguneroko berriak euskaraz jorratzen duen emankizuna atxikitzearen beharra» agerian utzi zuen EEPk.





Gaur Ramon Etxezarretak «ateak irekiak direla» erran du. Izan ere, bulegoan lan egiten duten hamar langileen kontratuak martxoaren amaieran bukatuko dira. Are gehiago, kanporatzeko desmartxa abian da





Sailburuordeak xehentasun guziak ematekorik ez duela aitortu eta «Iparraldean jarraitzeko» engaiamendu orokorra berretsi du.





Azaldu duenez, lehiaketa publikoa deituko dute - hilabete eskas dute hori egiteko- eta Baionako egoitza beregain hartzeaz gain -oraino sozietaten bidez kudeatu du EiTBk telebista eta irratiaren zerbitzua Iparraldean- gutxienez hiru kazetari gordetzeko asmoa badutela zehaztu du ere.





Astelehenetik ostiralera 6 minutako emankizuna eman ordez ( "Iparraldeko orena" ) oren erdiko astekaria sortzeko asmoa agertu omen du EiTBko zuzendaritza berriak. Izan ere, egitasmo hori «birkontsideratu daitekela» azaldu du Etxezarretak.





Agerraldiaren ostean, EiTBko langileekin mintzatzeko parada ukan du KAZETA.INFOk. Lehenik sentitzen zuten arrangura bera dutela aitortu digute, baita «informazio garbirik» ez dutela nabarmendu dutelarik.





Etxezarretaren azalpenak entzun ondoren, «apirilaz geroztik Iparraldeko berriek EiTBn nola pasatuko diren» jakin gabe segitzen dutela azaltzen dute.

 

 

 

Kazeta.info

 



Publié dans Euskara

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article