Herriko Etxea eta hainbat eragileren sostenguarekin Euskaraz bai dinamika aurkeztu dute Donibane Lohizunen

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola







Iaz Euskaraz bai taldea sortu zen Donibane Lohizunen eta geroztik eginiko lanari esker gaur goizean, Herriko Etxea eta hainbat eragilez inguratuak, Kontseiluak, Ziurtagiriaren ekarteak eta Euskaraz bai taldeak aurrera begira ematen dituzten urratsak azaltzeko agerraldia egin dute. Azaroaren 7an izanen da lehen hitzordua. Euskaraz bai taldeko kideak merkatu inguruko eragileak bisitatu dituzte Euskaraz bai ekordioa izenpetzeko gomita eginez.

Maite UBIRIA | DONIBANE LOHIZUNE





Sare elebidunean irakaslea den Tristan Capelier-ek azaldu duenez, iaz sortu zen Euskaraz bai taldea Donibane Lohizunen «euskara biziarazteko eta hizkuntzaren erabilpena bultzatzeko asmoz». Herriko hainbat elkarte eta norbanakoek osatzen dute taldea eta azken hilebetetan eginiko lana baliaturik ondoko hilebetetan urrats berriak emateko prest direla azaldu du gazteak.

Herriko Etxearen babesa ukan du taldeak. Horren adierazle gaurko aurkezpen ekitaldian Gaxuxa Elhorga auzapez-axuantak hartu du hitza. Bere erranetan, urte luzez elkarteek eginiko lanean oinarrituta «gaur egun Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) presentzia ofiziala eman dio euskarari». PNBeko ordezkariaren ustez, EEPren lana eta Euskaraz bai dinamika «bateragarriak dira», eta hortaz jabeturik Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak «sostegua eman dio euskararen erabilpena zabaltzea xede duen ekimenari».

 




Kontseiluaren izenean, Zigor Etxeburuak Donibaneko esperientzia ez dela lehena Ipar Euskal Herrian oroiratazi du. Nabarmendu duenez, bai Maulen baita Baigorrin ere lan taldeak sortu berri dira. Bestalde, Lapurdin itzala luzea duela euskararen normalizazioaren aldeko dinamika azpimarratu du. Gaur egun, Sara, Ezpeleta, Azkaine, Senpere, Ziburu eta Uztaritzen Euskaraz bai dinamika bizirik da.

 





«Donibane herri handia da eta beraz oso pozik gara hemen sortu den ekimenarekin» nabarmendu du Etxaburuak. «Errealitateak desberdinak izanik ere, euskara berreskuratzeko edo indartzeko borondatea bizirik da leku guztietan» gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.





Jean Laborde, Merkatuan kokatzen den edantokiaren nagusiak bere esperientzia pertsonala azaldu du. Hainbat urte Donibanetik kanpo bizi eta gero herrira itzuli eta «karrikan euskara ez zela mintzatzen» konduratu zela azaldu du.





«Aski pena emate dit nik euskara ez ongi menperatzeak, baina nire alabak eskolatik ateratzean merkatua bezalako toki batean euskaraz egiteko aukera ukan dezan zerbait egin nahi dut» azaldu du Labordek.






Lehen hitzorduan, merkatuaren eremuan azaroaren 7an


Espresuki, merkatua da, azaroaren 7an bere lehen hitzordua izanen duen ekimenaren abiapuntua. Euskaraz bai taldeko kideek merkatu estaliaren inguruan mugitzen diren eragileak bisitatuko dituzte Euskaraz bai Akordioa izenpetzeko gomita eginez. Ihintza Aldana ziurtagiriaren Elkartearen ordezkariak azaldu duenez, saltoki eta enpresa bakoitzean euskarazk duen presentzia zehazteko diagnosia egiten duten, ondoren hainbat neurri hartzea proposatuz (seinaletika, fakturak, menuak ...) .




Gaur egun euskararen aldeko engaimendua eta bereziki euskaraz zerbitzua emateko nahikeriaren erakusle diren 300 ziurtagiri bat baino banatu dituzte Iparraldean eta Aldanak iragarri duenez, «ondoko asteetan ziurtagiri hauen gida argitaratuko dute «euskaltzaleek ostalari, ofiziale edo elkarte horiek nun aurkitzen diren jakin dezaten».




Gaurko aurkezpenean nabarmendu dutenez, Euskaraz bai dinamika ez da ekimen puntuala, epe luzerako lana baizik. Horregatik iaz eginiko Euskaraz bai egunaren ildotik, hainbat animazio eta ekintza proposatuko dituzte urtean zehar. «Donibaneko karriketan euskara ikusi eta entzun nahi dugu» nabarmendu dute.

 

 

 

Kazeta.info



Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article