«Euskarak ez du mugarik; herritar guztien sostengua behar du»

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola







Euskal Konfederazioak
eta Kontseiluak Deiadar manifestazioa antolatu dute heldu den larunbaterako Baionako karriketan. Euskararen ofizialtasuna eskatuko dute, eta lege eraginkorra izatea. Hizkuntza politika eraginkorra egin ahal izateko, euskarak ofizialtasuna eta lege babesa behar dituela dio Josiek. Aldarrikapen hori sostengatzeko dei zabala egin du.





Kultura Ministerioak ostiralean jakinarazi zizuen ez direla ari hizkuntzen legea lantzen. Zein da zure balorazioa?


Ez da onargarria lege baten beharra auzitan ezartzea. Konstituzioaren aldaketak ez du eskubiderik sortuko; bigarren artikulua dago indarrean. Arriskua da itxurazko aldaketa egitera mugatzea. Legea beharrezkoa da Frantziako Konstituzioko hutsunea betetzeko. Berriz ere mespretxua adierazi digute; hori da Frantziako ordezkarien jarrera. Isiltasuna izan da orain arteko jokabide nagusia.





Aspaldian ez da Deiadarrik egin. Zein dira orain egiteko arrazoiak?



Momentu funtsezko batean gaude. 2008ko uztailean, Frantziak Konstituzioa aldatu zuen, eskualdeetako hizkuntzak haren ondare zirela ebatziz. Arazoa da horrek ez diola egiazko estatusik ematen euskarari. Hizkuntza gutxituei begira, irailean topaketak egin ziren Baionan; hiru egunez lege adituek ez zuten lortu kezka argitzea. Definizio falta da nagusi; Sarkozyk hauteskunde kanpainan iragarritako hizkuntzen legea daukagu jomugan. Ez dugu horren berririk, eta ez dakigu hitza beteko duen. Entzun genuen lege proiektuaren ordez lege proposamen bat egin nahi zutela. Hitza bete dezatela eskatzen diegu, eta ez nolanahi. Ezin dugu onartu lege hori murritzailea izatea, maila apalekoa. Ausartagoa izan behar da. Hizkuntza politika eraginkorra egin ahal izateko, babes juridikoa behar da.





Lege proiektua egiteko harremanetan sartu dira gizarte eragileekin?



Herri mugimenduko ordezkariak bildu ginen bai Ipar Euskal Herrian, bai Frantziako bertze hizkuntza gutxituetako ordezkariekin proposamen bateratua egiteko. Ezin da atzerapausorik onartu. Diputatuekiko lobbing lana egin da. Ipar Euskal Herrian, EEPri helarazi diogu proposamena. Alta, ez da neholako elkarlanik izan. Baionako topaketetan igurikatzen genuen Xavier North, Frantziako Kultura Ministerioaren izenean. Aukera zuen azalpenak emateko, baina ez zen jin. Izugarrizko mespretxua adierazi zuen.





Topaketa horietan, Max Brisson EEPko presidenteak iragarri zuen presente izanen zela Deiadarrean. Urrats bat izan daiteke hori?


Horrek erakusten du bederen tokiko hautetsiek hein batean jabetu direla egoeraz. Brissonek berak aitortu zuen topaketetan legerik gabe ere aukerak bazeudela lanean segitzeko eta haien ardura zela hori. Horrek argi erakusten du hautetsien ardura dela bai hizkuntza politika egitea, bai presioa mantentzea, legea izan dadin. Manifestazioaren leloa Legea eta ofizialtasuna da, euskararentzako estatus egokia.





Euskararen eremua hiru administraziotan zatiturik dago. Berma litezke horrela hizkuntza eskubideak?


Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziaren ondarea da euskara; Nafarroa Garaian, hiru eremutan banatzen da; eta EAEn, ofiziala da. Argi dago horrela ez direla bermatzen hizkuntza eskubideak, inon ez. Euskararen lurraldea bakarra da; horrek erran nahi du, hizkuntza politika berbera eraman beharko litzatekeela hiru lurraldeetan eta instituzio baten beharra dagoela horretarako, bereziki Ipar Euskal Herrian. Egoera hori ikusirik, mugitu beharra dago. Euskarak ez du mugarik behar, baina herritar guztien sostengua behar du.


Aitor RENTERIA


Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article