Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak urriaren 24an Baionan

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

 

 

 

 


Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urriaren 24rako mobilizazioa antolatu dute Baionan. Deiadar manifestazioaren leloa "Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskarari lege-geriza. Euskara hizkuntza ofiziala" izango dela azaldu dute Bilbon egindako prentsaurrekoan. Kontseiluaren zuzendaritzak agerraldia egin du gaur deialdiaren berri eman eta euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatzeko. Manifestazioaren Xaho kaitik, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da.

 

 

 

Ez da lehen aldia Deiadar mobilizazioa egingo dela ipar Euskal Herrian, eta horrela azaldu du Sébastian Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak. "Aurretik Deiadar mobilizazioak egin izan direnean, testuinguru jakin bati erantzuteko asmoz izan da", adierazi du. Momentu egokietan mobilizazioak egiteak aurrera pausoak ematea ahalbidetu du. "Deiadar" hitzak berak, urgentziazko egoera adierazten du eta une honetan ere horrela dela adierazi dute agerraldian.


Une honetan, estatu frantsesean, Sarkozyk, kanpaina egiten ari zenean hitz emandako legearen aldaketa landu behar da. Konfederazioko ordezkariaren ustez, "gobernuak hitz emandako lege horrek euskara salbatuko ez badu ere, lehen urrats bat izan daiteke hizkuntza-politika egokia garatzen hasteko. Presioa mantendu behar dugu urrats txiki hori egin dezan gobernuak".



Euskal Herrian gaia lantzen ari den moduan ere, Estatu frantsesean hizkuntza gutxiagotuak dituzten beste herrietan ere gaia lantzen ari dira. Eta estatu mailan ere elkarrekin lan egiten ari da Euskal Konfederazioa. Esaterako, egun horretan bertan mobilizazioak egingo dira Carcassonen, Bretainian...



Kontseiluaren idazkari nagusi Xabier Mendigurenek ere, Kontseiluaren zuzendaritzaren izenean, egoeraren garrantziaz ohartarazi nahi izan du. Euskararen normalizazioa du helburu Kontseiluak eta ondorioz, deialdia bultzatzearen alde egin du. "Euskararen normalizazioa euskararen lurralde osoan landu behar da eta horregatik ezinbesteko jo du Kontseiluak "Deiadar" honetan parte hartzea. Ez da, beraz, soilik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi diren herritarren kontua, guztioi dagokigu norabide berean indar egitea, bakoitzari dagokion esparruan", adierazi du Mendigurenek.


Euskaraz bai filosofiari jarraituz egin ditu kontseiluko idazkari nagusiak aipatu adierazpenak. Euskararen aldeko atxikimendua izatetik, euskaraz bizitzerako jauzia aldarrikatu nahi du Kontseiluak Euskaraz bai aldarrikapenarekin. Bakoitzak, bere esparruan eman behar du jauzi hori, euskararen normalizazioa den helburua gauzatu ahal izateko. Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra egitea ezinbestekoa izango da. Kontseiluak, bere aldetik, horren apustua egin du eta proposamena mahai gainean jarri du.


Mendigurenek, Konfederazioko ordezkariak egin duen adierazpenari jarraituz, zera adierazi du: "Badakigu Estatuaren aldetik planteatzen den erreformak ez duela euskararen ofizialtasuna ekarriko, baina helburu dugun ofizialtasunerako bide emango duelakoan gaude".


Kontseiluak, lehenago ere aipatu izan duen moduan, egoera iraultzeko bete beharreko baldintza batzuk badaude. Euskararen normalizazioa lortzeko 10 egiteko nagusiak hauek dira Kontseiluaren ustez: Ikastereduak gainditu eta Unibertsitatea eta lanbide Heziketa euskaldundu, baita helduak eta alor sozioekonomikoa ere; Euskararen ardura gobernuaren goi-mailan kokatu (lehendakariordetza). Horretarako, euskara berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa dela aitortu; hedabideetan euskara-kuotak ezarri, euskararen aurrekontua gehitu eta, oro har, hizkuntza politika egokia burutu.


Amaitzeko, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diren euskaltzale guztiak urriaren 24an Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu Kontseiluko zuzendaritzak. Nahi duenak www.deiadar.org blogean aurkituko du honen berri.


Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article