195 entitate berrik eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria krisi garaian

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola




40.000 lagun baino gehiago ari dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean


"Krisi garaian euskaran inbertituz" izenburupean prentsaurrekoa egin du gaur Ziurtagiriaren Elkarteak Koldo Mitxelena Kulturunean. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteako zuzendariak Bai Euskarari Ziurtagiriak azken urtean izan dituen lorpenen berri eman ostean, krisi garaian euskaran inbertitzeko argudioak azaldu ditu. Gutiérrezekin batera agertu dira Kiroljokoa enpresako marketing teknikari Imanol Amiano eta Arlan enpresako zuzendari Igor Landaluze. Bi enpresek Bai Euskarari Ziurtagiria daukate, eta euskarak nahiz Ziurtagiriak haien eguneroko jardunean nola eragiten duten azaldu dute.



Guztira 1.562 entitate dira dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak, eta Ziurtagiriaren eraginpean 40.000 lagun baino gehiago ari dira lanean. Gutiérrezen esanetan, bederatzi urteko ibilbidearen ondoren lorturiko emaitzak dira horiek: "Datu horiek argi erakusten dute Ziurtagiriak ibilbide luze eta oparoa egin duela arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten; hau da, euskararen aldeko neurri zehatzak hartzen dituzten entitateak identifikatzen eta kreditatzen".



Azken urtean ere, krisi garai betean, 195 entitate berrik lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Gutiérrezen ustez, emaitza horiek lortu dira euskaran inbertitzeak onurak dakarzkiolako enpresari. Eta baieztapen hori argudiatzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurtengo publizitate kanpainan oinarritu da. Izan ere, aurtengo leloa "balioa eta berrikuntza" da, eta Gutiérrezek hitz fetixak eman dezaketela badakien arren, uste du leloa ez dela kasualitatearen ondorio, eta hori azaltzeko adibide praktikoak jarri ditu. Bere esanetan, enpresa batek zerbait sortzeko edo saltzeko erabiltzen duen hizkuntza, emaitzen ikuspegitik, ez da faktore neutroa: "Erosle batek hizkuntza bati atxikimendu berezia badio, nahiago du hizkuntza horretan saltzen dionari erostea. Beraz, harremanerako hizkuntza bezeroak berak aukeratzen ez duenean nabarmen jaisten da kalitatea".



Bestalde, Gutiérrezek argudiatu duenez, euskararen merkatu potentziala etengabe ari da hazten, eta enpresek merkatuaren eskariei erantzuteko gai izan behar dute. Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gertutasunaren faktorea gehitu dio euskararen erabilerari: "Euskara erabiltzeak konfiantza adierazten du. Eta konfiantza hori Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez gizarte guztiaren aurrean erakusten eta ziurtatzen da". Horrez gain, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak ziurtatu du enpresa batek gizartearenganako konpromisoa agertzen duenean eta gai sozialekin arduratsua denean, irudi hobea eta sinesgarritasun handiagoa ematen duela bere bezero nahiz langileen aurrean.



Kanpora begirako jardunean ez ezik, barrura begirakoan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria duten zenbait entitatek ikusi dute, langileen artean euskara txertatzen hasi direnean, langileek enpresarekiko duten atxikimendua handitu egin dela eta motibazioa suspertu. Eta motibazioak eragin zuzena du ekoizpenean: "Langile horietako askoren ama-hizkuntza euskara da, baina aurrez sarritan, euren bigarren hizkuntzara jo behar izaten zuten lanerako. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dutenetik ordea, zenbait neurri hartu dituzte eta euskaraz lan egitea naturala bihurtu da".



Euskarak eta Bai Euskarari Ziurtagiriak balioa zergatik ematen duten argudiatu ostean, euskarak eta Ziurtagiriak berrikuntza zergatik dakarten argudiatzera jo du Gutiérrezek. Haren esanetan, jende askok uste du bere hizkuntza-ohiturak aldatzeko gai den enpresa bereziki prestatua dagoela berrikuntzarako, izan ere, orain artean hizkuntza batean garatu diren harremanak hemendik aurrera beste hizkuntza batean garatzea, pertsonen artean eta ohiko harremanetan gerta daitekeen aldaketarik zailenetakoa da.



Euskararen erabilerak enpresari onurak ekartzeaz gain, Ziurtagiriaren Elkarteak uste du euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea estrategikoa dela hizkuntzaren normalizaziorako. Era berean, enpresan euskara erabiltzea ere erabaki estrategikoa da: "Berrikuntza txertatzen ez duen enpresak ez du aurrera egiten, eta euskara berrikuntzaren parte ere bada".
Ziurtagiriaren Elkartearen datuen arabera merkatarien eta ostalarien sektoreak inbertitzen du gehien euskaran



Bai Euskarari Ziurtagiria arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten duen proiektu estrategikoa da. Rober Gutiérrezen hitzetan, "proiektu profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena".



Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten 1.562 entitateetatik 171k "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila daukate, 540k "Zerbitzua euskaraz" eta 851 "Bidean" mailan daude.



Sektoreei dagokienez, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak honela banatzen dira: % 32.65, hau da, 510 merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; % 28.87, hots, 451 zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira; % 18.12, hots, 283 kultura, gizarte mugimendu eta kirolaren sailari dagozkio; %7.87, hau da, 123 hezkuntzari eta formazioari; % 6.92, hau da, 108 enpresa industrialak dira; % 3.84, hau da, 60 lehen sektoreari dagozkion entitatea; eta % 1.73, hots, 27 entitate administrazioek eta alderdiek osatzen dituzte.



Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean daude Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Eroski, Athletic Club Bilbao, Real Sociedad, Saski Baskonia, Miramon Kutxa Gunea, Hotel Restaurante Argiñano, La Casa del Café, Gaiker Fundazioa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Kalitatea Fundazioa, Vista Alegre Zezen Plaza, SkunkFunk...


Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article