Kontseiluak, egoera edozein dela ere, normalizazioan pauso bat harago joateko konpromisoa berretsi du

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola

Kontseiluak, egoera edozein dela ere, normalizazioan pauso bat harago joateko konpromisoa berretsi du



Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin du Araban, Agurainen, hain zuzen ere. Bertan, Kontseilua osatzen duten 45 bazkideen hainbat ordezkari bildu dira. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu duenez, "bizi dugun egoera edozein dela ere, bidean aurkitzen ditugun oztopoei aurre egin eta 10. urteurrenaren testuinguruan azaldutako 'pauso bat harago' leloa irudikatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Gure helburua, euskararen normalizazioa erdietsi bitartean, hamar urte hauetan egin dugun moduan, lanean jarraituko dugu", adierazi du.




Urteko batzarrean, Kontseilua osatzen duten bazkideek 2008ko balorazioa egin dute eta 2009an garatuko diren ildoak ere adostu dituzte. 10. urteurrenaren testuinguruan, milaka lagunek egin zuten bat Kontseiluarekin eta honek proposatutako ildoarekin, antolatutako ekimen ezberdinetan parte hartuz; BEC-en egin zen ekitaldian bereziki. Bestetik, idazkari nagusiak aipatu duen moduan, oraingo bidetik jarraituko du Kontseiluak, euskararen normalizazioan aurrera egiteko helburuarekin.



Normalizazioan pauso bat harago egitearen beharra eta nahia adieraztearekin batera, Xabier Mendigurenek argi utzi nahi izan du Kontseiluak ez duela atzera pausorik onartuko. EAEko hauteskundeen ostean gobernuan egongo den aldaketari ere erreferentzia egin dio Mendigurenek: "EAEn emango den gobernu aldaketari begira, argi utzi nahi dugu, guk, normalizazioan aurrera pausoak emateko helburu argia dugula eta sortzen den egoera edozein dela ere, gurean jarraituko dugu eta ez dugu atzera pausorik onartuko". Bide horretan, Kontseiluak lehendakari berriari bilera egiteko eskaera egingo diola azaldu du idazkari nagusiak, "gure asmoak aurrez aurre azaltzeko".




Koldo Tellituk, Kontseiluaren lehendakariak berriz, Kontseiluak barne mailan gauzatuko duen gogoetaren berri eman du. "10. urteurrenaren testuinguruan, ez ditugu soilik kanpora begirako egitasmoak gauzatu. Une egokia iruditu zaigu barne mailan ere hausnarketa egiteko. Horrela bada, Kontseilua osatzen dugun estamentu guztiak gogoeta egiten ari gara. Alde batetik, orain arte egindako lanaren eta lortutako emaitzen inguruan egin dugu gogoeta eta aurrera begira ere jarri gara. Egoerak eta testuinguruak aldatzen direnez, ezinbestekoa da gurea bezalako erakunde batentzat garai berrietara egokitzea. Beti ere, gure helburua lortzeko bidean eraginkorragoak izateko asmoz", adierazi du. Kontseiluak aurrerago emango duela aipatutako gogoetaren berri argitu du Tellituk.


Kontseilua.org

Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article