Korrikaren bukaera Gasteizen

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola





Gaur (apirilaren 7an), Korrika 16ren balorazioa egin da Bilboko Kalderapeko kultur gunean goizeko 12etan. Prentsaurrekoan AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika eta AEKren Artezkaritza kide Fernan Landaburu, Asier Amondo, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu eta Oskar Elizburu eta Korrika 16ren arduradun Edurne Brouardek hartu dute parte.

 

 


Burutu berri duten ekimen erraldoiarekin, Korrika 16rekin, harro eta pozik azaldu dira AEK eta Korrika kideak. Izan ere, Korrika honetako parte hartzea sekulakoa izan da, askotan esan ohi baita edizio honetakoa korrikarik jendetsuena izan dela.

 

 


Korrika arduradunak bi arrazoi izan ditu hori baieztatzeko: batetik, furgonetan doazen ekipoek, izugarrizko lan bikaina egin duten ekipoek, egunez egun, transmititu dituzten datuak. Talde hauek Korrika bat baino gehiago egindakoak dira; oso ongi dakite zertaz ari diren eta konparazioak egiteko gaitasun handia dute.

 

 


­­­­­­Bestetik, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan Korrika 16ri igandean egin zitzaion harrera beroa. Aurreko erreferentzia zeukaten Korrika 16ren antolatzaileek. Izan ere, aurten hil diren bi pertsona handiren laguntza (Mikel Laboa eta Enrike Knörr) izan zuen 9. edizioa bertan bukatu zen. Plaza garai hartan baino zabalagoa dela aipatu du Brouardek, eta "hala ere, bete-beteta egon zen. Bai plaza eta bai plazatara zetozen kaleak". Kalkuluak aterata, "Zeledonen jaitsieran baino jende gehiago elkartu egin zela Korrika 16ren bukaeran".

 

 


Partaidetza handiko Korrika, beraz. Asko eta asko izan dira Korrika Batzordeetan, herriz herri, auzoz auzo egiten diren batzorde horietan lan egiteko hurbildu direnak. Asko eta asko izan dira Korrika Kulturalean antolatutako 300 ekitaldi kulturaletan parte hartu dutenak. Asko eta asko izan dira atzerrian egindako Korrikak: Bartzelona, Madril, Argentina, Uruguay, Mexico, Txina, New York eta London, besteak beste. Eta asko eta asko izan dira, euskararen eremu osoa zeharkatu duen Korrika eredutzat hartuta, euren herrietan, euren hizkuntzak defendatzeko lan egiten duten lagunak eta gurekin izan ditugunak; bretoiak eta irlandarrak, kasu.

Honez gain, bere helburuak bete izan dituen Korrika zabala izan dugu: mota, adin eta sektore guztietako jendeak hartu du parte. Honen erakusgarri, esaterako, Baionan alderdi guzti-guztiek egindako kilometro bateratua eta Hegoaldean alderdi guztietako udaletxeek Korrika lagundu izana.

 

 


Korrika zabala, parte hartzailea eta jendetsua. Brouardek eskerrak eman dizkio Korrika 16 burutzen lagundu duten guztiei. Baina, dena ez dela gozoa izan gogoratu du. Egunotan, Korrikari oztopoak jartzen ahalegindu dira banaka batzuk. Gutxi horiek Korrikaren muina eta izaerari erreparatu beharrean, "anekdotarioan oinarritu dira eta Korrikarekin zerikusia ez duten gauza batean murgildu dira".

 

 


Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak 13. edizioaz geroztik oztopoak jarri dizkio euskararen aldeko lasterketari. Aurten, urrats txiki bat eman dute, Korrikaren arduradunek itxaropentsu hartu zuten Euskarabidearen kilometroa. Dena den, Nafarroako Gobernuaren laguntza horretara mugatu zen eta laguntza hori ere kentzeko erabakia hartu zuten.

 

 


Bestalde, hedabide gutxi batzuen jarrera ere ez da gozoa izan. Baina, "horrek ez gaitu harritu. 29 urte eta 16 edizio dauzkan Korrika bezala ekimena existitzen dela konturatzeko izan duten gaitasun falta izan da harritu gaituena", esan du Brouardek. "Ez dute Korrikaren barri eman, beste gauza bat "saldu" nahi izan dute hedabide gutxi batzuek".

 

 


Gozoak ez diren gertakariekin bukatzeko Brouardek Dignidad y Justicia eta España y Libertad "talde ultren" salaketa judizialak aipatu ditu eta AEK-ren erantzun argia eman du: "Korrikak euskararen apologia baino ez du egin 11 egun hauetan eta beste edozer ondoriozta nahi izatea euskarari eta beroren aldeko edozein ekitaldiri dioten amorruaren erakusgarri zitala da".

 

 


AEK-k ere hausnarketa egingo duela adierazi du Korrika 16ren arduradunak. Eragile guztiei Korrika aurretik banatzen zaien gutuna ekarri du gogora eta kilometroa erosi eta lekukoa eramaten dutenenganako eman diren errespetu faltak hurrengo edizioetan errepika ez daitezen ahalegina egingo dela gaineratu du. Halaber, Brouardek Korrikan parte hartzen duten guztiei ere hausnarketa bere egiteko eskatu die.

 

 


Honen guztiaren gainetik, eskerrik asko Korrikaren mezua eta izaera zabaltzen lagundu duten komunikabide eta kazetariei, kilometro erosi duten guztiei, parte hartu duten alderdi politiko, sindikatu, diputazio, elkarte eta norbanako guztiei, Korrika batzordeetan lan egin duten guztiei, arropa erosi dutenei, espaloietan txaloka egon diren guztiei, Korrika Laguntzaileak egin direnei eta batez ere, eskerrik asko AEK-ko irakasle eta ikasleei.

Brouardek igandean Andra Mari Zuriaren plazan Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek irakurritako mezuaren ardatza gogoratu du: ezagutza eta erabilera. Oraindik ez dakitenei ikas dezaten egin die dei eta noski, dakitenei erabil dezaten eskatu die. Instituzioei ere eskaera berezia, baina ez berria, egin die: "lagun dezaten, euskara susta dezaten eta elkarlanean ari gaitezen".

 

 


­

Bestalde, Nafarroako tonbolako bidaiaren zozketa egin dugu. Itsaslur bidaia agentziak Asturiasera asteburu pasa gonbidatuko zaitu zuk boleto sariduna baduzu. Zenbakia: 327 da. ZORIONAK!!

 



Saria jasotzeko: Nafarroako Korrika Bulegoa (Errekoletak kalea 16, Iruñea) - 948 211 315.­


 

Berria osorik irakurri: 'Eskerrik asko Euskal Herria!'  


   


Korrika.org

Publié dans KORRIKA 16

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article