Iparraldean sostengu zabala jaso ondoren, Nafarroa Garaian sartu da berriro ere Korrika

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola





Eguzkia lagun, Korrika 16ak ibilbide arrakastatsua burutu du Ipar Euskal Herrian. Igandean, goizean goiz sartu zen Hendaia, Irundik zetorrelarik, eta jende askok agurtu zuen euskararen aldeko lasterketa Donibane-Lohizune aldean. Bertan besta eguna antolatu zuten Korrikari harrera egiteko. Ondoren, beste lurraldetara abiatu zen lasterketa, gaur eguerdian Saratik muga zeharkatu duela berriz.

 


Santiago zubitik sartu da, igande goizean, Korrika Lapurdin. Errelebo polita izan da. Irungo AEKko lagunek eta Hendaiako AEKko kideek banatu dute lekukoa.

 


Tenore aldaketa tartean izan bada ere, jendeak ez dio kale egin lasterketari. Oraingoan ere eguzkiak lagundu du. Korrika mendebaldetik ekialdera, Behe Nafarroara eta Zuberoara, abiatu da, gau alderan berriz Lapurdira bueltatu aitzin.

 


Urruñatik Ziburu Donibane Lohizunera abiatu da bizkor-bizkor lasterketa. Lehen harrera jendetsua izan da. Getari, Bidarte, Arbona, Biarritz....

 


Biarritz Olynpiqueren buruzagi indiarrak daroa lekukoa. Korrika eta saltoka zale ugari batu zaizkio. Angelu. Korrikaren kilometrorik politikoena, duda barik. Bihurgune batean zain dira Iparraldeko alderdi politiko nagusi guztietako (guztiak!!!!) ordezkariak. AB dago. Batasuna dago. EA. Berdeak. Modem. NPA. PC. PNB. PS. UMP. Aldapa pikoan gora ekin diote igotzeari.

 


Politikariak beti gora, ezinbestez. Korrikalariak oihuka (aldarrika) hasi dira: «Politikan ere euskararen alde!».

 


Baiona. «Adi dadi, adi dadi, Ar Redadeg!». Bretainiako bandera . Bordeleko Gau Eskolako lagunak eta Bretainiako delegazioa hartu dute lekukoa. «Tipi-tapa, tipi, tapa, Korrika!». Bretoiek datorren urteko maiatzean antolatuko dute euren bigarren lasterketa handia. Eta, tipi-tapa, tipi-tapa, Korrikalariak pauso seguruan doaz Baiona Txipirantz. Ehunka euskaltzalek eman diote ongi etorria Korrikari. Besoak zabal-zabal eginda hartu dute Korrika karrika mehar hauetan. Bezperan Iruñean bezala, festa handia izan da Lapurdiko hiriburuan.

 



Eta emeki mendebalderantz abiatu da lasterketa. Mugerre. Beskoitze... Goxoa da ekialdera bidaiatzea. Hazparne, Garruze, Donapaleu... Gauez mendebaldera jin da Korrika 16. Itzulerak ere goxoak dira. Ainhizen bada zerbait ospatzeko!!... Eta nola! Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lagunek hartu dute lekukoa.

 


Gaua aitzina doa... Donibane Garazi, Baigorri, Ortzaize, Luhoso, Itsasu. ... Asfaltoak amets xelebreak sortzen ditu. Eta ustekabean esnatu egiten gara. Korrika ez baita ametsa. Eta, hala ere, hamaika biltzen ditu. Gaur eguerdian utzi gaitu Iparraldeko euskaltzaleen arima bi egunez postu duen ekimen herrikoia... horren aitzin sorginen eskualdea musukatu duelarik... Saratik ihes egin du lasterkera. Sarri arte Korrika!

(Irakur ere: Lapurdiko milaka euskaldunek Euskal Herriaren batasuna islatu zuten korrika )

(Korrika !6ren xehetasun guziak: www.korrika.org)

 

 



 

Publié dans KORRIKA 16

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article