Euskal Konfederazioak ez du mobilizazioa baztertzen lurralde hizkuntzen aldeko legea aldarrikatzeko

Publié le par AEK - Baionako Gaueskola




Euskal Konfederazioa pozik agertu da Frantziako Kultura ministroak hizkuntza guttituak onartuko lituzken legea egiteko borondatea berretsi duelako. Alta, eurokarta segitzen duela izanen eredu euskarak behar duen sostengua bermatzeko berretsi dute. Legeak bete beharko lituzte oinarrizko irizpideak zehaztu dituzte, besteak beste hizkuntza politiken kudeatzea Lurralde Elkargoei ematea galdegiten dutelarik. Bestalde, «manifestaldi erraldoia» deitzea ez dute baztertzen, seguruenik udazken aldera.



Maite UBIRIA | BAIONA



Euskara eta beste lurraldeetako hizkuntzen beharrak hartuak izan daitezen lanean murgiltzen da Euskal Konfederazioa azken hilabeteotan. Urte hasierarekin batera, Christine Albele, Frantziako Kultura eta Komunikazioaren ministroari, eskutitza helarazi zion.

2008ko maiatzaren 7an Frantziako Diputatuen Biltzarrean ministroak iragarri zuen bezala, 2009an hizkuntza legea idazteko galdegiten zion Euskal Konfederazioak gutun horretan. Joan zen martxoaren 9an ministroaren idazkariak, Olivier Breuillyk, bere erantzuna bidali zuen.

Ministroaren arrapostuak zapore gazi-gozo utzi dizkie Euskal Konfederazioko ordezkariei. Lehenik eta behin, «petto handia atxeman dugu eskutitz horretan». Hala, hizkuntz gutxituak Frantziako Konstituzioaren lehen artikuluan agertzen direla azaltzen du Kultura ministroaren ordezkariak. Alta, artikulu horrek Frantziako batasuna aldarrikatzen du, besterik gabe. Konstituzioan egindako azken erreforman, egia da, hizkuntz gutxituak «aipatuak» izaten dira. Frantziako ondare gisa agertzen dira euskara bezalako hizkuntzak... baina 75. artikuluan.

«Informazio falta, interes gabezia, mespretxua...», zailtasunak dituztela petto horren atzean agertzen den jarrera deskribatzeko orduan aitortu dute Euskal Konferazioko partaideek.

Hala eta guziz ere, aitzina eginen dutela azaldu dute. Hartara, ministroak bere eskutitzean eginen duen eskeintza aitzat harturik, hizkuntza legea egiteko prozesuan parte hartzeko prest azaldu dira.

Izan ere, Euskal Konfederazioak hizkuntza lege batek azagutu behar lituzkeen oinarrizko printzipioak zehaztu dituela iragarri dute. EEPko presidenteari, Mar Brisson-i, dokumentu horren berri eman diote jadanik, eta Frantziako Eskualdeen Elkarteari hitzordua galdegin diote bere proposamena ezagutarazteko.

Hizkuntz politiken ahalmena

8 puntuz osaturiko txostenak, besteak beste, hizkuntza politiken kudeaketa Lurralde Elkargoei ematea eskatzen du. Eskakizun hori indartzeko, euskal kultura sustengatzeko herrien elkargoaren engaiamendua bilatu du Euskal Konfederazioak. Baita lortu ere.

Joan zen martxoaren 7an Donibane Garazin buruturiko batzar nagusian sindikatuak aho batez onartu zuen Euskal Konfederazioak helarazitako aldarrikapen-orria. Ondorengo asteotan hainbat herriko etxeetan eztabaidatuko dela mozioa iragarri dute gaurko prentsaurrean.

Azkenik, lurralde hizkuntzen onarpena eta garapena bermatzeko lege baten aldeko eskakizunak oihartzun zabalago har dezan Euskal Konfederazioak ez du baztertzen ondoko hilabeteetan «manifestaldi erraldoi baten egitea Euskal Herri mailan, baita Frantziako Estatuko beste eskualdeekin koordinazioan».

Ikastolen Konfederazioko lehendakariak, Koldo Tellituk, azpimarratu duenez, «euskara euskaldunon hizkuntza den aldetik, Euskal Herri osoko herritarrak hunkitzen gaitu gai honek, eta dugun esperientziatik abiaturik, guretako ez da dudarik euskararen ofizialtasuna edo estatus egokia erdiestea ezinbestekoa dela».

 

 

Kazeta.info

 

 


Publié dans Euskalgintza

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article